XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IRAKURKETAREN HELBURUAK ETA MAILAK
Haurrak jaiotzen den unetik bere inguruko munduarekin ezartzen duen komunikazioan, hasieran keinuen bidez egiten zuena, beste sistema konplexuago eta sinboliko batekin trukatzen du: mintzairarekin alegia.

Mintzairaren bidez komunikatzen da bere antzekoekin eta mintzairaren bidez bere giza kategoriako mailarik gorenekin ere.

Hizketan ikasteko prozesua, jeneralean, garapen psikomotorearekin batera doa eta heldutasun mentalaren menpean beti ere.

Egia da baita zerikusi handia duela gizartearen ingurune kulturalak ere; ama lehenik, baina gizartea bera ere irakasle izango du haurrak imitatu beharreko hizkuntz eredu konkretuan.

Alabaina, hizketan ikasteko prozesu hau egokiro burutu ahal izateko, faktore pertsonal multzo baten garapen bateratua exijitzen da asebeteko heldutasun-mailara iritsi nahi bada behintzat.

Pertzepziozko entzumen normal bat behar du haurrak, hitz egiterakoan eskuhartzen duten organoen arteko koordinazio egoki bat, eta besteekin komunikatu beharra sentieraz diezaiokeen halako eboluzio mental eta afektibo maila bat.

Hizketan ikasteak, beraz, faktore organiko, mental eta afektiboen eskuharmena galdatzen du.

Eta horietakoren baten garapen normalean nahasketarik gertatzen baldin bada, gero mintzairako akats, nahasketa edo anomaliaren batean isladatuko da.

Mintzaira-mailako zailtasun-mota honek, bere aldetik, izugarrizko oihartzuna izaten du akats horietakoren bat duen gizakiaren bizitzan, eta esan beharrik ere ez dago sakonki baldintza dezakeela berorren historia ere.

Hemen planteatzen ditugun eskol perspektibetara zentratuz, gogora genezake zein harreman estua dagoen hizkuntza menperatzearen, hitzezko pentsamenduaren aberastasunaren eta zientzia- eta kultura-mailako kontzeptuak gureganatzeko prestakuntzaren artean.